Beste hizkuntza

2016-07-20

ARALAR DENONTZAT! PISTA BERRIRIK EZ!




Honen bitartez gipuzkoarrongana zuzentzan gara, jakinerazteko Aralarren bihotzean pista eraikitzeko asmoa dutela Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Foru Aldundiak. Proiektua erakusgai dago, aste honen amaiera bitartean baina elkarte interesatuei informazioa helarazteaz gain, eipatutako erakundeek ez dute horren informazioa zabaldu komunikabideetan, Foru Aldundiaren web izan ezik. Aralar izanik Gipuzkoako Natur Parkeetako bat, Natura 2000 euroear sareko Babes Bereziko  Eremua et gipuzkoar eta euskaldun askoren ingurune kuttunenetakoa.

Lehendabizi, abeltzantza estentsiboa larreen kontserbazio egoera on baterako oinarrizko tresna dela aitortzearekin batera, gure esker ona adierazi nahi diegu artzainei naturaren kontserbazioari eta gizarteari egiten dizkieten ekarpen garrantzitsuengatik. 
Pista proiektuaren dokumentazio gehiena espainieraz dago eta ekarpenak egiteko espanieraz irakurtzera behartuak izan gara, euskaraz egiteko aukerarik gabe eta gure lana zailduz.

Proiektuak txaboletara iristeko 4,390 km luzera eta 3,5mko zabalerako pista aurrikusten du eta 96mtan, eta batazbeste 5 metroko altuera izango duen harri lubeta.

Pista proiektu honen aurrean gure desadostasun osoa adierazten dugu arrazoi hauengatik:

1. Enirio-Aralar ondarezko herri-mendia denez, herritar guztien interesak kontuan hartuta kudeatu behar da.
2. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin zaio proiektuari baina Aralarreko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren (1994) arabera Ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa egin beharko litzateke.
3. Natura 2000 Europear sareko lekuari proiektu honek eragiten dizkion kalteen ebaluaketa egokia ez da egin.
4. Proiektuaren helburua Aralarko eremu hau artzantzarako biziberritzea edo suspertzea dela aitortzen bada ere, gure ustez, proiektu honek eragingo dien sail handienean larreak oso osasuntsu ikusten dira, ez baitago txilar zantzurik inguru horretako larre gehienetan.
5. Proiektuak aitortzen du eremuak natura eta paisaia aldetik gorenezko balioak dituela eta halere proposamen bakarra planteatu da, pista berria egitea, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak ezartzen duen lurzorua eraldatzearen debekuaren aurka. Ez dira proposatu beste alternatiba batzuk: txabolen berrantolaketa, noranahiko beldar katezko garraioa, airetiko garraioa…
6. Azterketa geoteknikorik ez da egin, gure ustez erabat beharrezkoa, eremu karstikotik baitago diseinatuta ibilbidea, eta harkaitzak haustekoan ia oso ziur ezustean leize, galeria edo koba bateko zulo batekin topo egin daiteke.
7. Aztarnategi arkeologikoa egin da, baina soilik legez babestuta dauden elementuak kontuan hartuz (trikuharri, tumuloak, zutarriak) eta ez abeltzaintzak milaka urtetan utzitako egiturak kontuan hartuz, kalkulaezinezko balioa duten elementuak.
8. Aztarnategi paleontologikoei buruzko txostena falta da, pistak zeharka dezakeen eremu batean, besteak beste, ammoniteen fosilak aurkitzen baitira.  
9. Arrisku handia dago baita, akuiferoek pista berriaren inpaktua jasotzeko. Bestalde, eraikiko den pistak euri uren lehengo jariatzeko modua aldatuko du, urak bildu eta hustu bide berrietara bideratuko ditu, hustu bide berri hauetan higadura arriskua areagotuz. Pistaren azpiko aldeko une desberdinetan gaurko hezetasun egoera aldatuko du eta ondorioz bertako espezieen banaketan aldaketa nabarmenak eragingo ditu. 
10.Egin nahi den pista Europar Batasunak babestutako espezie eta habitatak dauden lekutik pasatuko da: Narcissus asturiensis dagoen tokitik pasatzen da; espezie hau Europa Batasuneko intereseko espeziea da, eta baita ere EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartuta dago Interes Bereziko espezie bezala. Gainera, proiektua gauzatuko den sailetan dauden mendiko larreak eta goi mendietako larre kaltzikolak Europa Batasuneko Intereseko Habitatak dira.
 11.Lurzoruen higadura ikaragarri areagotuko du proiektuak.
 12. Aralar EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan sartuta dago. Paisai honek ez du proiektuko pisten inpaktua absorbitzeko ahalmenik, paisai mota hauskorra baita. Ikuseremua oso-oso zabala du, toki gehienetatik ikusten da, adibidez, Beasain, Ordizia, Zaldibia, Lazkaomendi, Ataungo domotik –Sagastarri- eta Txindokitik (biak EAEko Interes Geologikoko Guneak); aipatutako ikus puntuetatik pare-parean ikusten den Aralarko zatian eraikiko da pista. Gure ustez proiektu honek inpaktu kritikoa, onartezina, du paisaian.



GUZTI HORREGATIK, ESKATZEN DUGU
 
-Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarko txaboletara eta Saltarriko mangarako mendi-bideen antolakuntza eta egokitzapen proiektu hau bertan behera uztea.
-Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak dioen bezala, bide-azpiegituren plana eratzea, dauden beharrak, alternatibak eta soluzio orokorrak planteatuko dituena,  abeltzainekin batera, interesa duten gizarteko beste eragileak ere kontuan hartuz eta guztien ekarpenekin plangintza adostua lortuz.
-Aralarko ondare natural eta kulturala bermatuko dituzten kudeaketa irizpideak garatu eta abian jartzea. 



Donostian, 2016ko uztailaren 20an.

NATURKON GIPUZKOAKO TALDE NATURZALEAK
 EGUZKI - HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEA - EKOLOGISTAK MARTXAN - ITSAS ENARA OE - UGATZA OE- ARKAMURKA NT – HERRIO NT – MUTRIKUKO NT – LANDARLAN NT - ZUMAIAKO NT – ONDARROA 12 MILIA - ERKAXO NT – KATAMARRUA NT – OSINA  NT  -  BERDEAK  - OKIL  BELTZA  ELGOIBARKO  NT

No hay comentarios:

Publicar un comentario

zer berri?