Beste hizkuntza

2018-05-09

Eguzkik eta Landarlanek dirua biltzeko kanpaina hasi dute



 Eguzki talde ekologistak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak dirua biltzeko kanpaina hasi dute, Aralarko pisten inguruko epaiketak sortutako gastuei aurre egiteko. Aralar Natur Parkea “arrisku bizian” ikusten dutela diote, eta herritarrei “naturgune babestuen kontserbazioaren aldeko auzi honetan” laguntzeko deia egin diete.
 
 Izan ere, bi talde horiek herri akusazio bezala aurkeztu ziren, Aralar Natur Parkeko lurralde antolaketaren aurkako ustezko delitu bat dela eta. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko Zuzendari Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendari Nagusi ohia auzipetuta daudela gogorarazi dute. “Dagoeneko Tolosako epaitegian deklaratzen izan dira akusatu bezala, gure abokatuaren galderei erantzutea uko eginez”





Epaibidea hasi zutenean, 20.000 euroko fidantza bat eskatu zieten, “bi elkarteen defentsa eta justizia eskubidea oztopatzeko intentzioarekin”, baina epaile instruktoreak 4.000 euroko fidantza ezarri zuen. Kopuru horrez gain, defentsako gastuei ere aurre egin behar diete, eta horretarako, ekainaren amaierarako 10.000 euro lortzea jarri dute helburu.
Dirua bilketa egiteko bi bide jarri dituzte. Batetik, kontu bana zabaldu dute 

Kutxabanken (ES64 2095 5022 1091 1796 2903)
Laboral Kutxan (ES44 3035 0026 2302 6007 7868)
 
Eta bestetik, hainbat herritan 5 euroko bonoak jarriko dituzte salgai, “lanak errazte aldera”.

Ingurumen ebaluazio proiektua
Joan den astean, Ingurumen Zuzendaritzak ez zuen ontzat eman Enirio eta Doniturrieta arteko pista proiektuaren ingurumen inpaktu azterketa. Astebeteren buruan, ordea, Mendi Zuzendaritzak proiektu eta ingurumen ebaluazio proiektu berriak argitaratu ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eguzkik eta Landarlanek diote “hain egun gutxitan posible ez” dela, eta beraz, “aurretik jakinaren gainean” zeudela ondorioztatu dute.

Ingurumen azterketa horren egilea ere “parte interesatua” dela salatu dute. “Eusko Jaurlaritza eta aldundien pean dagoen Hazi fundazioa da, berriz ere, dokumentu horien egilea, parte interesatua, abeltzaintza bultzatzea helburu duelako eta horrela azterketa hori ez da inpartziala, pista proiektua hain zuzen abeltzaintzaren garapenerako behar-beharrezkoa dela arrazoitzen delako”. Horrez gain, Mendi Zuzendaritzari ere kritika egin diote: “Elkarrizketa eta eztabaida sektore guztiekin ireki beharrean, berehala, pista honen proiektua bultzatzen du, prozesu ilun, partziala eta desegoki batean”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

zer berri?