Beste hizkuntza

2017-03-18

UDAL MOZIOAK MARTXAN





          Orain gutxi jakin dugu Batzar Nagusietan atzera bota dutela EAJ eta PSEren botoei esker, Aralarko pisten inguruko batzorde berezia eratzearen proposamena. Aralar Bizirik-en aburuz, ulertezina da Gipuzkoako agintariek gatazka konpontzeko baliabideak jarri ordez gizartea erdibitzen ari den proiektu hau babestea, gainera, orain arte ikusitakoaren arabera, garbi dago Aralarko erabiltzaile guztien iritziak entzun gabe itsu-itsuan aurrera jotzeko asmoa dutela.

         Halaber, Aralar Bizirik Plataformako kideoi, deigarria iruditu zaigu azkenaldian atera den berria, Gipuzkoako Aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak Otsaurteko eskalada gunea erregulatu dute eskalada jasangarria bultzatzeko eta espezie mehatxatuak babesteko; gainera, «erregulazio honek oinarri zientifikoa duenez, eskalatzaileei erabakia errespetatzeko eskatu diete». Aralar Bizirik Plataforma bat dator erabaki horrekin, baina ulergaitza egiten zaigu Babes Bereziko Eremu den, hainbat habitat eta espezie mehatxatu dituen eta Natur Parkeen Ingurugiro legedia duen Aralar Natur Parkean zergatik ez diren ondorio itzulezinak izango lituzken azpiegitura proiektu honen aurkako erabakirik hartzen. Are gehiago, Aralarren inguruko ezagutza gehien duen Aranzadi Zientzia Elkartearen irizpideak ez dira aintzat hartu, eta gainera agintarien aldetik zientzialari prestigiodun hauen hitzen oinarri zientifikoa zalantzan jarri da.

          Enirio-Aralar mankomunitatea osatzen duten Goierri eta Tolosaldeako herritarrez osaturiko Aralar Bizirik Plataforman beti agertu gara tentsioa areagotzen duten ekintzen aurka eta gatazkaren irtenbidea aurkitzearen alde. Ondorioz, azken hilabeteetan Gipuzkoako zenbait herritan bizi dugun arazo honi irtenbide bat ematera bidean, Aralar Bizirik Plataformak Enirio-Aralar Mankomunitateko herri guztietan Mozioa aurkeztu du. 


           Aralar Bizirik-en ustetan, Aralarren erabiltzaile guztion arteko bizikidetza hobetzeko ezinbestekoa da herritarren iritziak aintzat hartzea, instituzioen gardentasuna bermatzea eta baita ezer egiten hasi aurretik Kudeaketa Plan berri bat osatzea. Udal guztietan oinarrizko puntu hauek onartzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

1. Saltarrikoa, zein beste pista proiektu guztiak gelditzea.

2. Enirio-Aralarko Mankomunitateak 2003an onartu zuen Ekintzen Egitamua berrikus dezala, izan daitezkeen erabilerak naturaren babesaren menpean jarriz eta, onartzeko prozesuan, herritarren parte-hartzeari eta eztabaidari bide emanez.

3. Enirio-Aralar mendi publikoa izanik, Mankomunitatea erakunde gardena eta irekia izatea, informazioa zabalduz eta Enirio-Aralarren zainketan herritarrak parte hartzeko bideak ipiniz.

4. Herri bakoitzak Mankomunitatean duen ordezkariak, Aralarren inguruko gai garrantzitsuenetan gutxienez, Udal horietako plenoan eztabaidaturiko eta bozkaturiko erabakia eramango du Mankomunitateko batzarretara.




Información:  español

No hay comentarios:

Publicar un comentario

zer berri?