Beste hizkuntza

2017-01-20

ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA ETA ARALARREN ALDE

Aralarko pistak direla medio Aranzadik izandako agerraldia dela eta, Aralar Bizirik plataformak eta Landarlan elkarteak EHNE eta ENBAri erantzunez


ARANZADI  ZIENTZIA  ELKARTEA  ETA  ARALARREN  ALDE


Goierriko Landarlan Ingurumen Elkartea eta Aralar Bizirik plataforma, biziki poztu dira Aranzadi Zientzia Elkarteak, urtarrilaren 13an Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean Aralarko pisten inguruan egindako agerraldian eskainitako azalpenengatik. Agerraldi horretan Aralarko natur parkea eta Natura 2000 europear Sareko Babes Bereziko Eremuaren balio paisajistiko, ekologiko eta naturalistikoak azpimarratu ditu eta horiek eta gizakiaren erabileraren arteko oreka mantentzearen beharra nabarmendu. Horiek azaltzeaz gain, natur parke horretan abeltzaintza izaten ari den eboluzioa azaldu dute. Era berean, adierazi dute pista proiektuek inpaktu larriak eta atzeraezinak eragingo dituztela eta baita gizartean haustura. Eta amaitzeko, artzaintza jasangarriaren aldeko deia egin dute, oraingo azpiegituretan oinarritutakoa eta natur baldintzak kontuan hartuko dituena, araudi guztiak barneratuz, ikuspegi guztiak ainzat hartuko dituena, eboluzio eta errealitateko datuetan oinarrituta, ekonomikoki bideragarria eta etorkizuneko gizarteari begira egongo dena.


Landarlan eta Aralar Bizirik erabat ados daude Aranzadik adierazitako irizpideekin eta egindako proposamenarekin: lan talde bat sortu behar dela sektore interesdun guztiekin Aralarko Parke Naturalaren beharrak lasaitasunez aztertzeko garapen bideragarri eta orekatu bat izan dezan. Eta hori betetzea eskatzen diete Foru Aldundiari eta Enirio-Aralar mankomunitateari, pista proiektu guztiak geldituz, Aralar Natur Parkeko araudi guztiak betez eta Aranzadiren irizpide zientifikoetan oinarrituz.


Alderdi politiko guztiei ere eskatzen diegu onar ditzatela Aranzadiren irizpideak eta 2003an lortutako adostasunari berriro hel diezaiotela Aralar kontserbatu eta babestearen alde, eta horretarako behar diren baliabide ekonomikoak bideratzea eska diezaiotela Foru Aldundiari. Eta herritarrei, eskari hauek zabaldu ditzatela beren esparruan, lantoki, elkarte, sindikatu, ikastetxe, alderdi politiko …


Halaber, urtarrilaren 16an, EHNE eta ENBA sindikatuek eman duten prentsaurrekoan, Aranzadi Zientzia Elkarteari buruz egin duten balorazioarekiko erabateko desadostasuna adierazten dugu. Aipatutako Zientzia Elkarte horren zorroztasun zientifikoa ezin da zalantzan jarri, aurreko ostiraleko agerraldiko azalpenek eta berak egin duen ibilbide luze eta emankorrak ez dutelako horretarako bide ematen.


Amaitzeko, gizarteari ere jakinarazten diogu, Aranzadik aurkeztutako datu esanguratsuak eta Aralarko mendian egindako zientzia ikerkuntzaren ibilbidea dela eta, bere agerraldia Ingurumen Fiskaltzaren esku jarri dutela Eguzki eta Landarlan elkarteek, Saltarriko pistaren aurkako salaketan aditu-frogatzat hartua izan dadin.

http://naturkon.blogspot.com.es/

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

zer berri?