Beste hizkuntza

2018-04-30

GIPUZKOAKO ALDUNDIKO INGURUMEN ZUZENDARIAK EZ DU ONARTU ENIRIO-DONITURRIETA PISTA PROIEKTUA



Apirilak 30,  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Enirio-Doniturrieta pistaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebazpenean Ingurumeneneko zuzendari nagusiak ez du onartu pista proiektu hori tramitatu den eran. 

Aralar Bizirik eta talde ekologistek behin eta berriz nabarmendu dutenarekin bat eginez, ebazpenak adierazten du proiektuak “ez duela harreman zuzen, beharrezko eta ezinbestekorik Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketarekin, eta aurkeztutako dokumentazioak ez duela frogatu proiektuak ez duela sortuko, esparru horretan Enirio-Aralar Mankomunitateak aurreikusitako antzeko proiektuekin batera, inpaktu negatibo esanguratsurik edo nabaririk Natura 2000 sareko espazio horren kontserbazio helburuetan, bertako intereseko habitaten eta espezieen ongizatean.”


 Proiektuaren sustatzaileek aurkeztutako ebaluazio sinplifikatua ez dela nahikoa ebatzi du Ingurumen Zuzendaritzak, eta ingurumen inpaktu ebaluazio arrunta aurkeztu behar dela ondorioztatu du.

Batetik, Ingurumen Zuzendaritzaren txostenak dio pista horren proiektuak «ez duela harreman zuzen, beharrezko eta ezinbestekorik Aralarko GKL/KBEaren kudeaketarekin», eta aurkeztutako dokumentazioak ez duela frogatu, «araudiak eskatzen duen ziurtasunaz, proiektuak ez duela sortuko (...) inpaktu negatibo esanguratsurik edo nabaririk Natura 2000 sareko espazio horren kontserbazio helburuetan».

https://www.facebook.com/aralarbizirik/

 http://goierri.hitza.eus/2018/04/30/gipuzkoako-ingurumen-zuzendaritzak-ez-du-onartu-enirio-doniturrieta-pisten-proiektua/

2018-04-19

Naturkonek zoriondu egin du Aldundia




NATURKON GIPUZKOA TALDEAK ZORIONDU EGIN DU GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA, HONEK UKO EGIN BAITIO URKULUKO URTEGIAN ESPEZIE INBADITZAILEAK ARRANTZATZEN BAIMENTZEARI



                2018. urtean ezin izango da Gipuzkoan arrain-espezie inbaditzailerik harrapatu. Iaz ez bezala, aurten Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari men egitea erabaki du azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta baztertu egin du kirol-arrantza espezie inbaditzaileen kontra egiteko neurri gisa aurkezteko aukera, bidegabea dela onartuta.

                Auzitegi Gorenak 2016an emandako epai batek behin betiko erabakitzat jo zuen legearen kontrakoa dela espezie exotikoak (ez bakarrik inbaditzaileak, exotiko guzti-guztiak) ehizatzen eta arrantzatzen baimentzea, horrela ez bailirateke sekula desagerraraziko. Aitzitik, Aldundiak ezinbesteko obligazioa du espezie inbaditzaileen kontra jardutea.

                Naturkon Gipuzkoa Taldeak biziki zoriondu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundia, eta erabaki hori beste erabaki-sorta luze baten aitzindaria izatea espero du, hala nola espezie inbaditzaileen kontra jarduteko lehentasunak finkatzean haiek eragiten duten kalte ekonomikoa ez ezik kalte ekologikoa ere izatea aintzat, eta haien aurkako plangintza serio eta eraginkor bat lehenbailehen diseinatzea, diruz behar bezala hornitzea eta gogotik gauzatzea.

2018-04-10

Iñaki Aizpuru eta Aralar



 
IÑAKI AIZPURU ETA ARALAR

Apirilaren 4ko Artzain Egunean ganaduzale talde batek pankarta bat jarri zuen Ordiziako azoka plazan Enirio-Aralarko Mankomunitatean (EAM) Itsasondoko ordezkaria den Iñaki Aizpururen aurka: “Iñaki Aizpuru eko-urbaniten buru, Aralarko abeltzaintza suntsitzea helburu”. 
Irmoki gaitzesten dugu adierazpen hori, gezur hutsa delako, eta bera kikiltzea helburu duelako. Azken urteotan, Aldundiko mendietako zuzendariaren babespean, ganaduzaleen sektorea Enirio-Aralar Mankomunitateaz jabetu dela dirudi. 
Testuinguru honetan, Aralarrerako inposatu nahi izan duten kudeaketa zentzugabearen aurrean argudio sendoak erabili ditu Iñakik eta hori da, hain zuzen ere, idatzi zital hori plazaratzera ausartu den giza taldearen ezin eramana sortu duena; pankartazaleek ez dute onartzen Iñakik interes orokorra lehenestea eta ganaduzaleen zenbait nahietara ez makurtzea. 
Naturaren ezagutzan ibilbide zientifiko luze eta kontrastatua izateaz gain, Iñakik Aralarko kudeaketan eskarmentu handia du eta maila honetako pertsona batek EAMk hartutako zenbait erabaki arduragabe salatzeak sutu ditu batzuk. Iñaki konbentzituta dago Aralarren artzaintzak berebiziko garrantzia duela eta badaki Aralarren kudeaketa egoki bat abiarazteko eremu hau bere osotasunean kontsideratu eta babestu behar dela, ondarea eta erabiltzaile guztiak aintzat hartuz.
 Eta guk ikaragarri estimatzen dugu bere lan ona. Bejondeiola!

Aralar Bizirik eta Landarlan!