Beste hizkuntza

2020-04-12



ABERRI  EGUNA  2020

HEMEN ELKARREKIN BIZI




Euskal Herrian errotzen da euskaldunon existentzia markoa. Esan ohi da gure historiak, euskarak, paisaiak, arkitekturak, ohiturek, eta musika, dantza edo literatura bezalako elementuek osatzen dutela aberria. Baina elikagaiak ekoizteko lurzorua, ura, arnasten dugun airea edo gure lurraldean milioika urtetako eboluzioaren emaitza diren landare eta animaliak ere kontuan hartu behar dira. Izaki kulturalak izateaz gain, lurraren menpeko izaki biologikoak ere bagarelako.

Hirigintza eredu oker baten ondorioz nekazaritzako lur emankorrak artifizializatzen direnean, matarrasen ondorioz mendiko lurzoruak pobretu eta galduz, bigarren bizi bat eman ordez hondakinak errauskailuan errez, ura eta airea kutsatuz edo beren bizitokiak hondatuz landare eta animaliak kaltetzen ditugunean, aberriaren kontra ari gara.

Euskal Herria da gure etxea, gure txoko kuttuna, baina txoko hau beste nazio askorekin partekatzen dugun Lur planetan kokatzen da, denon jatorriko aberria den planetan. Euskal Herriko ondare naturala zaintzen badugu, Lur aberriaren alde ari gara. Ingurumenaren mehatxuek ez dute nazio-mugarik errespetatzen eta egun dauzkagun arazo handienak planeta mailakoak dira.

Etorkizuna izango da, jasangarria baldin bada. Jasangarritasuna hedatuz, behar bada, ez dugu etorkizun hori bermatuko, baina gutxienez ez dugu porrota ziurtatuko. Horregatik, arduraz jokatu eta, gure artean nahiz munduko beste herriekin, solidarioak izan behar dugu, “hemen elkarrekin bizi” printzipioa erdian jarriz.

Landarlan  Ingurumen Elkartea

2020ko apirilak 12


KOMUNIKABIDEETAN:






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

zer berri?