Goierriko Landarlan Ingurumen Elkarteak Ordiziako udaleko
boletinaren bidez urtarrilean Enirio-Aralarko Mankomunitateak aurtengorako egiteko dituen 517.000
euroko inbertsioen berri izan zuen, larreak
hobetzeko, ur hornidura asetzeko, txabolak konpontzeko, itxiturak
egiteko, abereen gaixotasunak ekiditeko eta, batez ere, mendi bideak egiteko.
Hori dela eta, bitan eskatu dugu bilera Mankomunitateko Lehendakaria den
Ordiziako Alkatearekin, Aralar Natur parkearen kontserbazioa eta artzantza hobetuko
duten, proposamen jasangarriak luzatzeko
eta ez dugu erantzunik jaso, ezta Foru Aldundiari bitan egindako informazio
eskaeraz ere, parkeko patronatuko kidea izanik.
Ondoren, ekainaren 13an “Aralarko txaboletara eta Saltarrirako
pistaren ingurumen ebaluazio sinplifikatua egiteko agiriak” argitaratu dira. Nahiz
eta mendi publikoa eta Natur Parkea izan Aralar, ez zaio proiektu honi inongo
publizitaterik egin, ez komunikabideetan, ez Ordiziako boletinean, eta soilik
argitaratu da Foru Aldundiaren web orrian. Gainera
dokumentazio gehiena gaztelera hutsez aurkitzen da edo euskaraz dagoen bakarrean akats handirekin.
Proiektua gazteleraz aztertzera behartuta,
ikusten dugu oso erasokorra dela Aralar Natur Parkerako, maiatzetik Natura 2000 europear sareko Babes Bereziko Eremua izendatuta. Intzesaotik
Saltarrira 4,4 kmko eta minimo 3 mko zabalerako pista egingo litzateke, eta
Elutxeta inguruan 96mko eta batazbeste 5 m altuerako harri lubeta. Horrelako
pista egiten bada, paisaian, natur ingurunean, eremu karstikoan eta lur azpiko
uretan inpaktuak ikaragarriak izango direla
aurrikusten dugu, eta horiek ez dira nahiko baloratu proiektu honetan.
Guzti horregatik Mankomunitatea eta Foru Aldundiari eskatu diegu proiektua bertan behera uzteko eta orain arte ez
dugu inongo erantzunik jaso. Era berean, Aralarko artzantza eta kontserbazioaren
aldeko neurriak, artzain, ganaduzale, mendizale, kontserbazionsita, zientzilari
eta interes ezberdinetako herritarrekin batera adostea eskatzen dugu, horrelako
inpaktuak sortu gabe.
Eta Aralarko etorkizunaz kezkatuta diren Mankomunitateko
herrietako biztanleei
eskatzen diegu beren herriko alkate eta zinegotziei kezka hauek helarazteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
zer berri?