IÑAKI AIZPURU ETA ARALAR
Apirilaren 4ko Artzain Egunean ganaduzale talde
batek pankarta bat jarri zuen Ordiziako azoka plazan Enirio-Aralarko
Mankomunitatean (EAM) Itsasondoko ordezkaria den Iñaki Aizpururen aurka:
“Iñaki Aizpuru eko-urbaniten buru, Aralarko abeltzaintza suntsitzea
helburu”.
Irmoki gaitzesten dugu adierazpen hori, gezur hutsa delako,
eta bera kikiltzea helburu duelako. Azken urteotan, Aldundiko mendietako
zuzendariaren babespean, ganaduzaleen sektorea Enirio-Aralar
Mankomunitateaz jabetu dela dirudi.
Testuinguru honetan, Aralarrerako
inposatu nahi izan duten kudeaketa zentzugabearen aurrean argudio
sendoak erabili ditu Iñakik eta hori da, hain zuzen ere, idatzi zital
hori plazaratzera ausartu den giza taldearen ezin eramana sortu duena;
pankartazaleek ez dute onartzen Iñakik interes orokorra lehenestea eta
ganaduzaleen zenbait nahietara ez makurtzea.
Naturaren ezagutzan
ibilbide zientifiko luze eta kontrastatua izateaz gain, Iñakik Aralarko
kudeaketan eskarmentu handia du eta maila honetako pertsona batek EAMk
hartutako zenbait erabaki arduragabe salatzeak sutu ditu batzuk. Iñaki
konbentzituta dago Aralarren artzaintzak berebiziko garrantzia duela eta
badaki Aralarren kudeaketa egoki bat abiarazteko eremu hau bere
osotasunean kontsideratu eta babestu behar dela, ondarea eta
erabiltzaile guztiak aintzat hartuz.
Eta guk ikaragarri estimatzen dugu
bere lan ona. Bejondeiola!
Aralar Bizirik eta Landarlan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
zer berri?