Eguzki talde ekologistak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak
dirua biltzeko kanpaina hasi dute, Aralarko pisten inguruko
epaiketak sortutako gastuei aurre egiteko. Aralar Natur Parkea
“arrisku bizian” ikusten dutela diote, eta herritarrei “naturgune
babestuen kontserbazioaren aldeko auzi honetan” laguntzeko deia
egin diete.
Izan ere, bi talde horiek herri akusazio bezala aurkeztu
ziren, Aralar Natur Parkeko lurralde antolaketaren aurkako
ustezko delitu bat dela eta. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi
eta Natur Inguruneko Zuzendari Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendari
Nagusi ohia auzipetuta daudela gogorarazi dute. “Dagoeneko
Tolosako epaitegian deklaratzen izan dira akusatu bezala, gure
abokatuaren galderei erantzutea uko eginez”
Epaibidea hasi zutenean, 20.000 euroko fidantza bat eskatu
zieten, “bi elkarteen defentsa eta justizia eskubidea oztopatzeko
intentzioarekin”, baina epaile instruktoreak 4.000 euroko
fidantza ezarri zuen. Kopuru horrez gain, defentsako gastuei ere
aurre egin behar diete, eta horretarako, ekainaren amaierarako
10.000 euro lortzea jarri dute helburu.
Dirua bilketa egiteko bi bide jarri dituzte. Batetik, kontu
bana zabaldu dute
Kutxabanken (ES64 2095 5022 1091 1796 2903)
Laboral Kutxan (ES44 3035 0026 2302 6007 7868)
Eta
bestetik, hainbat herritan 5 euroko bonoak jarriko dituzte
salgai, “lanak errazte aldera”.
Ingurumen ebaluazio proiektua
Joan den astean, Ingurumen Zuzendaritzak ez zuen ontzat eman
Enirio eta Doniturrieta arteko pista proiektuaren ingurumen
inpaktu azterketa. Astebeteren buruan, ordea, Mendi Zuzendaritzak
proiektu eta ingurumen ebaluazio proiektu berriak argitaratu
ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eguzkik eta Landarlanek
diote “hain egun gutxitan posible ez” dela, eta beraz,
“aurretik jakinaren gainean” zeudela ondorioztatu dute.
Ingurumen azterketa horren egilea ere “parte interesatua” dela
salatu dute. “Eusko Jaurlaritza eta aldundien pean dagoen Hazi
fundazioa da, berriz ere, dokumentu horien egilea, parte
interesatua, abeltzaintza bultzatzea helburu duelako eta horrela
azterketa hori ez da inpartziala, pista proiektua hain zuzen
abeltzaintzaren garapenerako behar-beharrezkoa dela arrazoitzen
delako”. Horrez gain, Mendi Zuzendaritzari ere kritika egin
diote: “Elkarrizketa eta eztabaida sektore guztiekin ireki
beharrean, berehala, pista honen proiektua bultzatzen du, prozesu
ilun, partziala eta desegoki batean”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
zer berri?