Beste hizkuntza

2017-02-06

Oiduiko Txabolaren erretzea






Oiduiko Txabolaren erreketa


    Aralar Bizirik plataformak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak bart gauean Oiduiko bordan gertatutakoak gaitzesten dute. 180 bazkide dituen Zaldibiako Gailurrerantz Mendi Elkartearen borda erre da hain zuzen, elkarte horren zuzendaritzak guk bultzatutako pista proiektuen aurkako atxikipenari babesa eman ziolarik. Suhiltzaileek aipatutakoaren arabera, sua ez ekonomikarik eta ezta subajurik ere ez zegoen gela batean sortu denez, sutea norbaitek eragindakoa izan dela ondorioztatu da. Hain zuzen ere atzeko egonlekuan sortu da, eta bertatik borda guztia erre arte hedatu da teilatuaren erortzea eraginez, zutik geratu den bakarra bordaren harrizko kanpo paretak izan dira. Zaldibiarrez gain, pertsona askok erabiltzen zuten borda hau gaua pasatu nahiz bestelako ekintzetarako. Besteak beste, Aranzadi Zientzi Elkarteko ikerlariak bertan egonaldi batzuk eginak dira eta Enirio-Aralar mankomunitateko herrietako biztanleek ere. Zorionez bart gauean ez zegoen inor bertan gaua pasatzen.  
Aralar Bizirikek eta Landarlanek beti aldarrikatu dute indarkeria eta gorroto zentzu guztien aurkako jarrera, eta gisa honetako ekintzek azken hilabeteetan pairatzen dugun liskar giroa areagotu besterik ez duela egiten ondorioztatzen dute. Beti ekintza baketsuak bultzatu ditugu eta bultzatuko ditugu, eta alde bateko zein besteko gorroto adierazpenen aurka agertzen gara. 


     

Gisa honetako ekintzekin, alde guztiak galtzaile ateratzen gara, eta gizarte honek bizi duen tentsioa muturrera eramaten da. Onartezina iruditzen zaigu Aralarren bizi dugun gatazka maila honetara heltzea, eta ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Enirio Aralar Mankomunitateari eskatzen diegu, gatazka hau amaitzeko bideak jartzea, pista proiektu hau bertan behera uztea, eta Aralar Natur Parkearen Kudeaketa Plan berri batean lanean hastea. Aralarren lana egin, Aralarretaz gozatu, Aralar aztertu edota besterik gabe herriko plazatik bertako paisaiaz gozatzen dugunon iritzia maila berean jarriz, denok baikara horren jabe. Aralar Natur Parkea izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak du bertako legedia betetzearen ardura, eta behin eta berriz aldarrikatu dugun moduan pista proiektu horrek Natur Parkearen ordenazio planeko hainbat artikulu bortxatzen ditu.
Pasa den asteburuan, Aralarko artzain eta ganaduzaleek antolaturiko festan, gai honen inguruan hitz egitea eta zubiak eraikitzea garrantzitsua zela adierazi zuten, eta gu ere horretan ados gaude. Baina gure ustez gisa honetako ekintzek dena hankaz gora botatzen dute. Gipuzkoako hego-ekialdeko herri hauetan bizi dugun tentsioa jasanezina dela iruditzen zaigu, eta idatzi honekin gure erakundeen eta alderdi politikoen konpetentzia falta salatu nahi dugu.
Foru Aldundiaren ardura da Aralar Natur Parkea zaintzea eta gatazka hau konpontzea. Pista proiektua gelditu dezagun eta denon Aralar bat sortu dezagun. Naturaren defentsaren alde gaudenok, ez gara horrelako ekintzekin kikilduko eta lehengo jardunari eutsiko diogu. Indarkeriarik ez eta gorrotorik ez!
Zaldibiarrek Oiduiko bordan pasa dituzten gau magiko guztien esentzia su garrek eraman dute. 
Gure babes osoa Gailurrerantz Elkarteari. Txabola berriz altxatuko dugu denon artean!!
          hasi dira jada auzolanean, ikusi honako bideoa: HEMEN.




Aralar Bizirik plataforma eta Landarlan Ingurumen Elkartea 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

zer berri?