Beste hizkuntza

2017-06-28






ENIRIO-ARALARREKO  BATZARREAN PISTA  PROIEKTU  BERRIA  ETA  MEHATXUAK



Ekainaren 21ean ospatu zen Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarretik adierazpen hauek azpimarratzen ditu Landarlan Ingurumen Elkarteak:  
Batetik, Landarlanek aurrez egindako eskaera bati erantzunez, eta Ikaztegietako udalak ere batzarrean bertan eskatuta, interes pribatuak dituzten udal ordezkarien boto eskubideak aztertuko direla adierazi zuen idazkariak.  
Bestetik, EH Bilduk Aranzadiri kudeaketa plana berraztertzeko eskatu dio, orain arte kontuan hartu ez diren ikuspegiak aintzat hartuta. Horretarako hamabost egun barru ezohiko batzarra deitzeko eskaria egin dute. Honekin erabat ados gaude, baina adierazi genuen moduan, beharrezkotzat jotzen dugu bien bitartean Enirio-Doniturrieta pistaren tramiteak geratzea. Dena den, bildutakoek ez zuten horretarako prestutasunik erakutsi, Abaltzisketako alkateak ingurumen inpaktuko azterketaren aurkezpena egiteaz gain, prozesuaren tramiteen inguruko azalpenak eman zirelarik. 
Pista berri hau, jadanik pista duten bost txaboletarako proiektua da. Beste behin ere, ingurumen inpaktuko azterketan legediaren interpretazio interesatua  eginez, lurra mugitzea debekaturiko eremu batean pista berri bat eraikitzea planteatzen du. Horretarako 183 zuhaitz bota beharko lirateke: 160 elorri, 17 gorosti eta 6 hagin, azken biak EAEko landaredi mehatxatuaren zerrendakoak.
Landarlanek beti agertu du artzaintza eta abeltzaintza zaindu eta mantentzearen aldeko jarrera, baina ez zaigu iruditzen gaur egun hartzen ari diren horrelako erabakiek artzaintza jasangarri bati bide emango diotenik.

Amaitzeko, Landarlanek, legez kanpo eta kontrolik gabe, pistetatik kanpo goi larreetan ibilgailuak dabiltzala salatu zuen eta Mankomunitateari neurriak hartzeko eskaera egin zion. Galde erreguetan landarlankideok geure iritzia eman genuenean, abeltzain batzuek iraintzat hartu eta errespetu falta leporatu ziguten. Hau gutxi balitz, batek mehatxu zuzena egin zigun publikoki, bai gu edo Aralarren edonor bere inguruan  argazki eta bideoak ateratzen ikusiz gero, haren gainetik pasatuko zela, esanez, Martutenen bukatu behar bazuen ere, eta Jose Miguel Santamaria lehendakariak ez zuen adierazpen horiengatik inongo ohartarazpenik egin ezta herritar horri arreta eman, tamalgarria gure ustez. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

zer berri?