Beste hizkuntza

2017-10-05


MENDI  IBILALDIA  ARALARREN, IGANDEAN,  

ENIRIOKO BIDETXURRERA



Aralar Bizirik plataformak eta Naturkonek (Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundea) pista bihurtu nahi duten Enirioko bidetxurra ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak. Bidetxur hori, artzainek aspalditik erabili izan dute ardiak goiko larreetara eramateko eta horregatik transhumantziaren adierazle da,  transhumantziaren ondare bezala, babestu beharrekoa, aurtengo Dekretu berri baten arabera. Antzinatik mendizale eta ibiltari ugarik erabili izan duten bidexka ere bada, Goierri aldetik Igaratzara eta handik San Migelera joateko eta horregatik seinalizatuta dago ibilbide motzeko bide bezala. Horren lekuko da, Gipuzkoa Foru Aldundiaren web orrian ematen den informazioa:
“Igaratza eta Enirio gune esanguratsuak dira Aralarren. Artzain kutsu handiko lekuak biak, Goierriko behe lautadak Aralarko punturik altuenekin eta, batez ere, Nafarroarekin lotzeko bide naturalak. Maiziegi errekaren ibilgua gertutik jarraitzen duen bide honek baliabide ugari ditu bere baitan: larre zabalak, artzain bordak, elorriak, pagadiak eta garai batean ustiatutako meatzeak dira, besteak beste, bideak erakutsiko dizkizunak.”

Bidetxur hori pista bihurtzea eskatu du Enirio-Aralar mankomunitateak, eta horren ingurumen inpaktuko txostena aztertzen ari da Aldundiko Ingurumen Departamendua, baita jasotako ekarpenak ere, horien artean natur eta ekologista elkarteek pista egitearen aurkako arrazoiekin bidalitakoak, besteak beste: Arkamurka, Eguzki, Ekologistak Martxan, Itsas-enara, Landarlan, Mutriku Natur Taldea, Zumaia Natur Taldea…

Ondorioz, datorren igandean (urriak 8), goizeko 9etan Enirioko bidexka ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu da, Lizarrustiko Parketxetik abiatuz (Ataun). Ibilbidea honako hau izango da: Lizarrusti- Lareo – Baiarrate – Enirio eta itzulera. Aralarko beste toki batzuetatik bertaratutu nahi dutenek, goizeko 11etan Eniriora inguratzeko aukera izango dute. Orduan emango baitira ezagutzera  Enirioko bidexkaren balioak, eta pista proiektua egingo balitz, sortuko lituzkeen inpaktu larriak. Ibilbidearen luzera 10Kmkoa da eta desnibela 500 m-koa. 
Ibilaldi honetan parte hartzea eta erantzukizuna parte hartzailearen ardurapean daude. Animatu parte hartzera!                                                                                               

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

zer berri?