Aralar mendilerroa Gipuzkoa eta Nafarroa artean kokatua dago, baina
soilik Gipuzkoako hegoaldean dagoen zatia da
Natur Parke. Bertako
paisaiak eta biodibertsitateak balio handiko ingurune bihurtzen du. Hori
dela eta,
Natura 2000 Sare europarreko parte da eta Kontserbazio
Bereziko Eremu (KBE/ZEC) izendatuta dago. Gipuzkoar eta herritar
ororentzat leku preziatua da, artzaintzarako toki aparta eta
aisialdirako nahiz mendizaletasunerako inguru ezin hobea.
Orain 14 bat urte aztoratu gintuen eztabaida kalean jarri digute
berriro. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Enirio-Aralar
Mankomunitateari 2.000.000 € bideratu dizkio Aralarko txabola guztietara
autoz heltzeko pistak eraikitzeko. Goroskintxurainoko zatia, 1,5
km-koa, dagoeneko eraiki dute, prozesu ilun baten ondoren eta ingurumen
inpaktu larriak sortuz. Pista egitasmo hau Natur Parkea eta Kontserbazio
Bereziko Eremua babesten duten legediaren aurka doa. Kontuan izan behar
da Gipuzkoako Foru Aldundia dela Aralar Natur Parkearen arduradun
nagusia.
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aralarri buruz ezagutza zientifiko
handiena duen prestigiodun taldeak, pista proiektu honek sortuko
lituzkeen inpaktuak larriak eta atzeraezinak direla
adierazi du,
eta Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpide horiek ez ditu aintzat hartu
nahi duela 14 urte ez bezala. Garai hartan, Eusko Legebiltzar osoak
onartu zuen pista berriak eraikitzeko plana ez zela bateragarria Natur
Parkearen helburuekin. Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, pista
proiektua aurrera eramanez gero, ez litzateke bermatuko abeltzaintzaren
etorkizuna, eta gainera, Aralar Natur Parkean ondorio konponezinak
sortuko lituzke.
Hortaz, auzi honetan batzuen interesak bakarrik hartu dira kontuan,
alegia, artzain eta ganaduzaleenak, Natur Parkearen izaera arriskuan
jarriz eta epe luzera, artzaintza eta abeltzaintzarena ere bai. Ezin
dira ezkutatu pisten eraikuntzak inguru naturalean eragingo dituen kalte
eta inpaktuak. Batez ere, Aralar bezalako mendilerroak oso hauskorrak
dira, konplexutasun ekologiko handikoak; bere baitan akuiferoak,
paisaia, bertako landaredia nahiz berezko fauna, artzaintza,
abeltzaintza, ondare kulturala eta mendizaletasuna hartzen dituelako.
Guztiak ere oreka batean, eta honelako obrek atzera bueltarik gabeko
kalte larria eragingo lukete.
ESKAERAK:
- Pista berriak eraikitzeko proiektuak bertan behera uztea.
- Aralar Natur Parkeari dagokion edozein erabaki naturaren babesaren
menpe jartzea, indarrean dagoen ingurumen-legedia errespetatuz,
beharrezkoak diren adituen azterketak eginez eta gizartearen
parte-hartze eta eztabaida bultzatuz.
BABES DEZAGUN ARALAR BERE OSOTASUNEAN!
https://www.change.org/p/aralar-natur-parkearen-alde-a-favor-del-parque-natural-de-aralar?recruiter=657295913&utm_source=share_petition&utm_medium=copylink