Beste hizkuntza

2017-03-21

ARALAR NATUR PARKEAREN ALDE sinadura bilketa




          Aralar mendilerroa Gipuzkoa eta Nafarroa artean kokatua dago, baina soilik Gipuzkoako hegoaldean  dagoen zatia da Natur Parke. Bertako paisaiak eta biodibertsitateak balio handiko ingurune bihurtzen du. Hori dela eta, Natura 2000 Sare europarreko parte da eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE/ZEC) izendatuta dago.  Gipuzkoar eta herritar ororentzat leku preziatua da, artzaintzarako toki aparta eta aisialdirako nahiz mendizaletasunerako inguru ezin hobea.
          Orain 14 bat urte aztoratu gintuen eztabaida kalean jarri digute berriro. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Enirio-Aralar Mankomunitateari 2.000.000 € bideratu dizkio Aralarko txabola guztietara autoz heltzeko pistak eraikitzeko. Goroskintxurainoko zatia, 1,5 km-koa, dagoeneko eraiki dute, prozesu ilun baten ondoren eta ingurumen inpaktu larriak sortuz. Pista egitasmo hau Natur Parkea eta Kontserbazio Bereziko Eremua babesten duten legediaren aurka doa. Kontuan izan behar da Gipuzkoako Foru Aldundia dela Aralar Natur Parkearen arduradun nagusia.

          Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aralarri buruz ezagutza zientifiko handiena duen prestigiodun taldeak, pista proiektu honek sortuko lituzkeen inpaktuak larriak eta atzeraezinak direla adierazi du, eta  Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpide horiek ez ditu aintzat hartu nahi duela 14 urte ez bezala. Garai hartan, Eusko Legebiltzar osoak onartu zuen pista berriak eraikitzeko plana ez zela bateragarria Natur Parkearen helburuekin. Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, pista proiektua aurrera eramanez gero, ez litzateke bermatuko abeltzaintzaren etorkizuna, eta gainera, Aralar Natur Parkean ondorio konponezinak sortuko lituzke.
          Hortaz, auzi honetan batzuen interesak bakarrik hartu dira kontuan, alegia, artzain eta ganaduzaleenak, Natur Parkearen izaera arriskuan jarriz eta epe luzera, artzaintza eta abeltzaintzarena ere bai. Ezin dira ezkutatu pisten eraikuntzak inguru naturalean eragingo dituen kalte eta inpaktuak. Batez ere, Aralar bezalako mendilerroak oso hauskorrak dira, konplexutasun ekologiko handikoak; bere baitan akuiferoak, paisaia, bertako landaredia nahiz berezko fauna, artzaintza, abeltzaintza, ondare kulturala eta mendizaletasuna hartzen dituelako. Guztiak ere oreka batean, eta honelako obrek atzera bueltarik gabeko kalte larria eragingo lukete.

 ESKAERAK:
  • Pista berriak eraikitzeko proiektuak bertan behera uztea.
  • Aralar Natur Parkeari dagokion edozein erabaki naturaren babesaren menpe jartzea, indarrean dagoen ingurumen-legedia errespetatuz, beharrezkoak diren adituen azterketak eginez eta gizartearen parte-hartze eta eztabaida bultzatuz.
BABES DEZAGUN ARALAR BERE OSOTASUNEAN!

 https://www.change.org/p/aralar-natur-parkearen-alde-a-favor-del-parque-natural-de-aralar?recruiter=657295913&utm_source=share_petition&utm_medium=copylink


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

zer berri?