Berri ona jaso
dugu orain gutxi Eguzki Talde
Ekologistak eta Landarlan Ingurumen elkarteak. Orain ia urte
bete ingurumen fiskaltzara jo genuen Intzentsao-Goroskintxu pista proiektuak
Aralar Natur Parkearen legedia hainbat puntutan urratzen zuela ikusita.
Fiskaltzak, Gipuzkoako Aldundiaren eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen proiektu
honetan Lege hauste zantzuak antzeman ditu eta auzia Tolosako epaitegiaren esku
utzi du.
Jada eraikita
dagoen pista proiektua epaitegian egonik, momentu
hauetan tramitazio fasean dagoen bigarren pista edo/eta etor litekeen beste edozein proiektu bertan behera uztea eskatzen dugu
Eguzki eta Landarlan ingurumen elkarteok, hau da, Enirio eta Igaratzako
txabolak lotuko dituen pista berria eraikitzeko plana gelditzea. Bigarren
proiektu hau, aurrekoa bezala:
- Natura 2000 sare barnean dagoen Aralarko Natur Parkean eraiki nahi dute.
- KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) izendapenak loturik dakarren plangintzaz ahaztuz.
- Mendi babeslean proiektatu da (legez lurra mugitzea debekaturik dagoen eremuan)
- Eta legeak onartzen dituenak baino malda handiagotan eraiki nahi da.
- Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua eginaz (indibidualizatua beharko lukeenean).
- Legez babesturik dauden espezieak (haginak eta gorostiak) moztea aurreikusiz eta beste behin legediaren interpretazio interesatua eginaz.
Gogoratu behar
dugu Naturkon (Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundea),
Aranzadi Zientzia elkartea, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdi
politiko zein Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hiru mendi federazioetatik,
pista proiektuekiko ezadostasuna eta azterketa sakonagoen beharra hamaika aldiz
adierazi dela, eta gatazka sozial nabarmena sortu dela, Enirio-Aralarko
herrietan.
Horregatik
berriro diogu, ikuspegi ekologiko, zientifiko eta kulturaletik Aralar oso eremu
berezi eta baliotsua izateaz gain, gipuzkoarrontzat leku oso preziatua ere
badela, gainera lur horiek Enirio-Aralar mankomunitateko herritar guztion lurrak direla ahaztu gabe eta herritarrak oro har, ez daudela
Aralar artifizializatzearen alde. Hori horrela izanda, bada garaia bere
kudeaketa modu zentzudunago batean egiten hasteko. Behin baino gehiagotan
adierazi dugu Aralarren kudeaketa plan berria behar dela, legedia errespetatuko
duena eta Aralarko erabiltzaile guztien interesak kontutan hartuko dituena,
beti ere naturaren kontserbazioa lehenetsiz. Has gaitezen lanean.
Enirio-Igaratza pista geratu!
Has gaitezen lanean. Enirio-Igaratza pista geratu!
Español: aquí
http://www.berria.eus/albisteak/144869/aralarko_pisten_auzia_tolosako_epaitegira_bideratu_du_fiskaltzak.htm
http://goierri.hitza.eus/2017/09/04/fiskaltzak-tolosako-epaitegiaren-esku-utzi-du-aralarko-pisten-auzia/
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
zer berri?