JOSE MIGUEL SANTAMARIAK, ENIRIO-ARALAR
MANKOMUNITATEKO PRESIDENTEAK
ADIERAZITAKOARI ERANTZUNA
«Aralarko
altxorrak babes ditzaketen bakarrak artzaintza eta abeltzaintza direla»
baieztatu zuen Santamariak, baina gogorarazi nahi genioke Aralarrek altxor asko
dituela: basoak, errekak, harkaiztiak, urte osoko ur hornidura bermatzen duen
sistema karstiko bat eta beste hainbat eta hainbat intereseko elementu.
Aralarko altxorrak goi larreak soilik direla kontsideratzea ikuspegi
murriztaile nahiz interesatua da. Noski goi larreak intereseko habitatak direla
eta hauek Aralarren larratzen diren abelburuei esker mantentzen direla, baina
hortik Aralarren altxorrak babes ditzaketen bakarrak abeltzainak direla esatera
pausu handi bat dago. Aralarko beste hainbat intereseko habitat eta espezie
zein bestelako ondare mota batzuk ez baitaude abeltzaintza jarduerez
baldintzatuta.
«Aralarko
bideak hobetzeko egitasmoaren arrazoi eta xede nagusia: artzainen bizi eta lan
baldintzak hobetzea» zela adierazten zuen, eta “Kudeaketa Planeko ekimen
guztiek natura artatzea eta sektorea indarberritzea dutela helburu”, baina,
noiztik esaten zaio pista berriak egiteko, Europar Batasunak derrigorrez
babestu beharreko larreak eta Aralarko Ordenazio legeak babestea agindutako
lurzoruak suntsitzea, natura kontserbatzea dela? Azpimarratu behar da,
Aralarren pista berriak eraikitzen ari direla, ez bideak hobetzen. Horixe da,
hain zuzen ere, Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarko legediak
finkatzen dituen mugak saihesteko erabili nahi duten irakurketa interesatua.
Helburuek ez dituzte bitartekoak justifikatzen; artzainei laguntzea denok
konpartitzen dugun helburua da, baina hori lortzeko ezin da Parke Naturaleko
legea urratu, Mankomunitateak eta Aldundiak egin duten bezala.
Santamariak iaz
eraikitako pista «ingurumen nahiz administrazio ikuspegitik, legeak ezarritako
prozedura guztiak betez» eraiki zela zioen arren, pista berria legez lurra
mugitzea debekaturiko Mendi Babeslean egin zen. Aralarko pista berrien
proiektuek ilegaltasunaren kiratsa dute eta usain txar hori Fiskaltzari
iristeaz haratago, orain Tolosako Epaitegiko atetik sartu da. Ingurumen
Fiskaltzak pisten auzia Tolosako Epaitegira bideratu badu, lege-hauste zantzuak
ikusi dituenaren seinale da. Orain Tolosako Epaitegiak deliturik dagoen
ikertuko du. Aldundiko Mendietako zuzendari orokorrari eta E-A Mankomunitateko
lehendakariari, euren erabakiak auzipean egoteak eta ondorioz eurek ordezkatzen
dituzten instituzioek merezi duten prestigioa galduarazteak ez al die zer
pentsaturik ematen? Hartutako karguetan jarraitzea merezi dutela uste al dute?
Hori
gutxi balitz, “Eta horrela jarraituko dugu” gehitu zuen; aspaldiko esapideak
dioenez ”behin erratzea gizatiarra da, errorean irautea berriz makurra da.”
Hogei
urte pasatu dira Aralar Parke Naturala deklaratu zenetik eta urte guzti hauetan
Aldundiko eta Mankomunitateko agintari politikoak ez dute pista berriak
eraikitzea baimendu, traba legalak ikusten zituztelako. Aldiz, oraingo
agintariek arauak azpian hartu dituzte era arduragabe eta onartezinean. Euren
aurretik egon zirenak baino bizkorragoak direlakoan daude nonbait; baina, zer
uste dute, pistak egitea erraza izan balitz, orain arte egin gabe egongo
zirela?
Aldundiko
Mendietako zuzendari orokorra eta Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakaria
hartu dituzten kargu politikoek ematen dieten gailentasun soziala erabiltzen
ari dira ez Aralarko Natur Baliabideen Ordenazio legeak jasota duen komunitate
osoaren interesari erantzuteko, baizik eta abeltzainen probetxurako bakarrik,
guztiona den herri-ondasunaren eta guztion onaren zentzu gabezi nabarmena
erakutsiz.
LANDARLAN INGURUMEN ELKARTEA
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
zer berri?